Nazioarteko Sozio-Ingurumen Aztarnei buruzko Konferentzia (ICSEF): energia, bio-materialak, justizia eta desazkundea.
Data: 2027ko ekainaren 10 eta 11
Konferentzia honek gaur egungo kontsumo ereduaren ingurugiro inpaktuak eta inpaktu sozialak aztertzea du helburu.
Lau arlo izango ditu kongresuak eztabaidagai: energia eredu berriztagarria; ingurugiro eta generoaren justizia; desazkundea eta kontsumo murriztea; eta hondakinen kudeaketa eta bio-materialak.
Ekitaldi honen antolaketa EHUko Life Cycle Thinking Group (LCTG) eta Medicusmundi Araba eta Medicusmundi Gipuzkoa gobernuz kanpoko erakundeen arteko elkarlanaren fruitu da. Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Ekopol-ek, Gasteizko Udalak eta Ihobek ematen dute finantza-laguntza.
ENERGIA BERRIZTAGARRIEN EREDUA
Erregai fosiletan oinarritutako egungo eredu globalak inpaktu eko-sozial suntsitzaileak sortzen ditu, hala nola biodibertsitatearen galera atzeraezina eta erauzketa-presio handia Hego Globalean.
Eredu berriztagarri eta elektrifikatu baterako trantsizioa ez da kontu hutsala. Funtsezko materialen (litioa, kobrea eta lur arraroak) bizi-zikloaren neurketa zorrotza eskatzen du, zientziak politika kontziente eta iraunkorrak diseinatzen lagun dezan.
BIOMATERIALAK, HONDAKINAK ETA BIRZIKLAPENA
Gaur egungo ekoizpen eta kontsumo linealeko sistemak lehengaiak masiboki ustiatzen ditu — batez ere herrialde pobretuetakoak — eta planeta bizitza mehatxatzen duten hondakin petrokimikoekin gainezka egiten du.
Horri buelta emateko, gizarte- eta ingurumen-inpaktu txikiko eta hain materialista ez den eredu baterantz igarotzea planteatzen da, Lurraren mugak errespetatuko dituena eta prozesu zirkularrak lehenetsiko dituena materialak balio-kateetan etengabe berrerabiltzeko.
INGURUMEN ETA GENERO JUSTIZIA
Ingurumen-aztarnaren banaketa desberdina da: herrialde aberastuek industria astunak eta eskulan merkea (ehungintza eta nekazaritza sektorea, esaterako) kanporatzen dituzte herrialde pobretuetara, eta herrialde horiek kutsatzaile nagusiak dirudite benetako energia-fluxuak ezkutatzen diren bitartean.
Ezinbestekoa da nazioartean bidezko aitortza eta birbanaketarantz aurrera egitea, non genero-ekitatea, arraza-ekitatea eta planeta bizitzeko modu desberdinen balioespena zutabe giltzarri izango diren.
DESAZKUNDEA ETA KONTSUMO MURRIZKETA
Trantsizioak balio-aldaketa bat eskatzen du, elkarrenganako zaintza eta ekosistemak ongizatearen erdigunean jartzeko, kontsumoaren eta bizi-kalitatearen arteko benetako erlazioa aztertuz.
Horrek Ipar Globalean hazkunde materiala gutxitzea eta Hego Globalarekin berriro orekatzea eskatzen du. Planetaren mugak kontuan hartuta, guztiontzako bizi-baldintza duinak bermatzea ezinbestekoa da, ondasun komunen balorazioaren, desmaterializazioaren, bidezko birbanaketaren eta demokratizazioren bitartez.